XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANTROPOLOGIA ETA ETNOLOGIA

Zer da Antropologia? Non dira bere mugak? Ba al du bere nortasuna? Zer nolako harremanak ditu beste giza zientziekin? Erantzunak zailak eta konplexuak izan arren ikertzaileak saiatu behar du lantzen ari den zientziaren esparruaren kontzeptuak mugatzen eta sailkatzen.

Esan liteke Antropologian hiru kontzeptu nagusi eman eta ematen ari direla; askotan elkarrekin joaten dira, beste batzuetan elkar nahasten dira eta besteetan ez dira ezta bereizten ere.

Hiru kontzeptuak hauek dira: antropologia, etnologia eta etnografia. Bakoitzak bere arloa dauka eta hori mugatzea eta sailkatzea izango da artikulu honen helburua.

Orokorrean esan liteke antropologia eta etnologia etnografiatik ongi bereizten direla, baina bi lehendabizikoen artean ez hainbeste.

Batzuentzat, Ingalaterran gehien bat, antropologiak (soziala) gizarte-egitura eta funtzioak ikertzen zituen, eta besteentzat, Estatu Batuetan, etnologiak kultura lantzen zuen.

Beste batzuek etnologiari deitzen zioten antropologia kulturala (edo alderantziz) eta bereizketa berdina egiten zuten.

Gure kulturan, Caro Barojak ez dut uste bi hitz horien artean bereizketa handiak egingo zituenik, eta lan berdina adierazteko erabiltzen zituen aurrerago azalduko dudan bezala.

Barandiaranek, orokorrean esan liteke, etnologia hitza bakarrik erabiltzen zuela.

Batzuetan ere, folklore hitzarekin nahastuta azalduko zaigu.

Levi-Strauss-ek, bere aldetik, etnologia eta folklorea objektutik bereizten ditu. Folklorearen bidez ikertzaileak bere kultura, gizartea edo herria ikertzen du, etnologiaren bidez atzerrikoak. Objektuaren bereizketa alboan utzi eta, folklorea eta etnologia etnologiaren baitan batuko ditugu.

Aipatutako eztabaida eta nahasketa horiek alboan uzteko eta bakoitza bere tokian jartzeko Levi-Strauss-ek emandako sailkapena abiapuntu gisa hartuko dugu.